Dekonstrukzio

Dekonstrukzioa filosofia garaikidearen metodo bat da, kontzeptuen bilakaera historikoa aztertzeko testuen analisia lehenesten duena. Filosofia, literatura edo bestelako testuak zorrotz aztertzen ditu, haien hutsuneak eta zentzu nahasketak azaleratzeko, adierazpen iradokiak eta adierazten ez dena ardatz edukita. Testuen azterketaz diharduen teoria postestrukturalista da dekonstrukzioa, 1960ko hamarraldian zabaldu zena.

Dekonstrukzioak frogatu nahi du testuen oinarriak berez konplexuak, ezegonkorrak edo ezinezkoak direla. Hau da, testuek esanahi kontraesankorrak eta bateraezinak dauzkate, eta interpretazio bat baino gehiago dituzte. Hortaz, interpretazioa ezin da puntu jakin batez harago joan. Derridak "aporia" deitu zion puntu horri. J. Hillis Millerrek honela deskribatu zuen dekonstrukzioa:

« dekonstrukzioa ez datza testu baten egitura desegitean, baizik eta testuak bere burua desegin duela erakustean. Sendoa zirudien zola airez beterik baino ez dago. »

Dekonstrukzio terminoa Heideggerrek erabili zuen lehendabiziz, baina Derridaren lanagatik bilakatu zen ohiko haren erabilpena.

Jatorria eta helburua

Jacques Derridaren erretratua.

Dekonstrukzioaren aitzindari nagusia Jacques Derrida frantses filosofoa izan da, eta bere teoria batez ere literaturan nabarmendu den arren, filosofiako testuen azterketan eta historian, antropologian eta psikoanalisian ere erabili da.

Derridak Ferdinand de Saussurek azpimarratzen duen hizkuntza zeinuen arbitrariotasuna hartu zuen oinarri bere teoria zehazterakoan. Paradoxaren logika da teoria honen oinarria; horrek esan nahi du terminoetan berariazko kontraesana nabarmentzen dela, logika pentsamenduaren legeei kontra egiten diena dela esaten baita, eta paradoxa arrazoiaren kontrakoa baita. Ezaugarri hori dela eta, Derridaren teoriek beste filosofo askoren gaitzespena jaso dute, esanahiaren teoria zentzugabeak osatu dituelako haien ustez.

Dekonstrukzioak agerian utzi nahi ditu testuaren kontraesanak, egileak azaldu uste duenaren eta testuak benetan dionaren arteko kontraesanak; alde horretatik, dekonstrukzioaren xedea da egilearen asmoaren eta testuaren esanahiaren arteko kontraesana nabarmentzea. Horrela, dekonstrukzioaren jarraitzaileek ez dute testu baten behin-behineko interpretazio soil bat egiteko interesik, hizkuntzaren egitura tradizionalak deskonposatzeko baizik, bere elementuak askatasunez erabiltzeko, testua hizkuntzaren egitura tradizionaletatik askatu eta interpretazioak egiteko orduan mugarik ez edukitzeko moduan.

Kanpo estekak

  • (Ingelesez) "Deconstruction: Some Assumptions" (John Lyeren artikulua)

Erreferentziak

  • Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q180348
  • Commonscat Multimedia: Deconstruction / Q180348

  • Identifikadoreak
  • GND: 4149032-0
  • NDL: 00941120
  • NKC: ph119361
  • AAT: 300067121
  • Hiztegiak eta entziklopediak
  • Britannica: url
  • Wd Datuak: Q180348
  • Commonscat Multimedia: Deconstruction / Q180348